Linguatec proiektuaren bilera Tolosa Okzitanian

23 September, 2019 By

Irailaren 19an izan zen Linguatec proiektuaren laugarren bilera Tolosa Okzitanian; Espainia-Frantzia-Andorra Eskualdeen Garapenerako Europako Programak, POCTEFA (2014-2020) delakoak, finantzatutako proiektua da.

Proiektuko bazkide guztiek hartu zuten parte bileran: Elhuyar Fundazioa, Aragoiko Gobernua, Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea (IXA Taldeak ordezkatua), Lo Congrès eta bilera antolatu zuen erakundea, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (CNRS); Tolosako Le Mirail Unibertsitatean duen egoitzan izan zen bilera.

2018. urtean martxan jarritako, eta 2020. urterako bukatuta egon behar duten, proiektuen aurrerapen-maila aztertu zuten bildutakoek. Erritmo onean ari dira aurrera egiten lan guztiak.

Bileraren zati batean kanpo-komunikazioa izan zuten hizpide, eta zeregin horren ardura duen enpresak hartu zuen parte. Kanpo-komunikaziorako martxan dauden tresnak aurkeztu zituen, hala nola webgunea eta sare sozialak  (Twitter eta Facebook), eta lurralde bakoitzean komunikazio-ekintza antolatzeko egokitasuna aztertu zen, alderdi horretan inpaktua lortzen lagun baitezakete.

FR3 Occitania telebista publikoak topaketari buruzko erreportaje bat egin zuen.