Okzitanierazko fonetizatzailea sarean eskuragarri
Okzitanierazko esaldiak Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan (NAF) transkribatzeko tresna bat erabiltzaileen eskura jarri du Lo Congrès permanent de la lenga occitana erakundeak.
Linguatec proiektuaren barruan garatzen diharduten okzitanierazko hizketaren sintesiaren parte da aipatutako tresna, eta API (Application Programming Interface) baten bitartez erabil daiteke. Erabiltzaileen eskura jarri du Lo Congrèsek tresna, erabilerraza izan dadin.
Webgune honetan, fonetizar.locongres.com, kopiatu eta itsatsitako testuak edo dokumentuak (txt edo csv formatuetan) fonetiza ditzake edonork , okzitanieraren aldaera guztietan. Tresnak karaktere ortografikoetan adierazitako sarrera-testua karaktere fonetikoetan adierazitako irteera-testu bihurtzen du. Fonetizatzailea okzitanieraren bi aldaeratarako dago optimizatuta, gaskoia eta lengadocera; gainerako aldaerak proba-fasean daude oraindik.
Tresna erabiliko duten pertsonek iradokizunak egitea eskertzen Lo Congrèsek, hobetzeko aukera emango baitie horrek.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest